Tag Archives: Paris

Birmoldatu: hutsarentzako bizitza berri baten bila

Begibistakoa da denbora batetik hona inguruko kale, auzo eta hirietako hainbat lantegi, denda eta bestelako aktibitate ekonomikoa garatzen zuten askok beraien jarduera eten dutela. Baina honen aurrean, badago zer egin ere.

Erabilerarik gabeko espazio huts hauek praktika artistiko, sortzaile zein kulturalen bidez birmoldatzearen joera goraka doa eta honen eredu dira nazioarteko ekimen ugari. Gehienetan espazio komertzial hutsetan edota balio historikoa duten berreskuratutako eraikuntzetan garatzen dira, iabeti tokiko komunitateentzako onuragarriak diren proposamenak izanez.

IrudiaRecess, NY

Denda huts batek hainbat erabilera izan ditzazkeela azalean uzten du ekimen hauetako bakoitzak. Besteak beste; kausa bat sustatu, dohaintzak bildu, ideiak testeatu, prestakuntza edo ikastaroak antolatu, komunitate-proiektuak ezarri eta ekitaldi edo erakusketak ospatu daitezke aktibitaterik ez izatera igaro den espazio hauetako batean.
Saltoki izandakoei bizitza berria ematea errealitate egitearen kudeaketan Erresuma Batuko 3Space erakundea erreferentea da. Bere lana funtsean, proiektu bat martxan duen eta doako espazio apropos bat behar duen edozein erakunde txiki eta ondasun hutsaren jabea kontaktuan jartzean datza.

Denda hutsen erakuslehioak era askotariko artelanen aldi-baterako erakusketa-areto bezala erabiltzea oso bogan dagoen beste joeretako bat da, Chicagoko PopUp Art Loop eta Seattle-eko Storefronts Seattle ekimenen izaera hori delarik. Ildo berean, baina proposamen esperimentalagoa jorratuz, New York-eko Recess proiektu arrakastatsua, zeinek erakusleihoa ikuslegoari beti irekita dagoen arte sorkuntzarako espazioa bezala ulertzen duen eta artista garaikideei eskaintzen dien.
Halako denda eta biltegien pertsianak, mundu mailako graffiti egile esanguratsuenen lanen erakusketa areto bihurtu ditu Miamiko The Wynwood Walls proposamen berritzaileak.

IrudiaThe Wynwood Walls, Miami

Praktika artistiko, sortzaile eta kulturalei esker berreskuratuak izan diren, balio historikoa duten espazioei dagokionez, aipatzekoa da Beijingeko 798 SPACE. Iraganean estatuko lantegiak biltzen zituen eremu honek, nabarmen hasten ari den hiriko mugimendu artistikoa erakartzen du orain. Jatorriz Bauhaus eskolaren estiloan eraikia izan zen 798 SPACE-ren birmoldaketari esker, besteak beste, erakusketa eta ekitaldi nazional eta internazionalak, goi-mailako jarduera kulturalak eta merkataritza-jarduerak, moda-desfileak, hitzaldiak eta kontzertuak izaten dira bertan.

Joera beraren eredu da Torontoko Artscape. 80. hamarkadatik bertako kultura eta artearen sektoreetako espazioen kudeaketaren buru da eta eginkizun horrekin utzitako eraikuntzak birmoldatu eta artisten esku jartzeko lan egiten du.
Eremu berean kokatzen dira Le104, zein Pariseko hiletetako udalzerbitzuak eskaintzen zituen eraikina izatetik esperientziak sortzeko eta berrikuntzarako zentro kulturalean birmoldatu izan den eta The Deptford Project, berritua izan den tren bagoi zahar bat oinarri bezala harturik, inguruan sormen industrien proiektu sendoa martxan jarri duen Londoneko ekimena.

IrudiaThe Deptford Project, London

Era honetako ekimenek egungo jabetzaren kontzeptuari buruzko hausnarketa dakarte barneraturik. Beste herrialde batzuek berriki ezarritakoa eredutzat harturik, legegintzan egindako zenbait aldaketa aproposak izan daitezke hemen ere. Baliteke inguruko espazio hutsen kudeaketa bizkorrago hori, proiektu berrien sorrera emateko eta kontextu biziagoa lortzeko giltza izatea.

Birmoldatu: hutsarentzako bizitza berri baten bila artikulua, The Balde aldizkariaren 69. alean publikatua izan da.

Bitxikeriak

Astelehenean Parisko ‘Le marché aux puces‘era ibilaldia, asteartean atsedena hartu. Asteazkenean Bartzelonako ‘Els Encants Vells‘-era traste zahar bila, ostegunean astebururako indarrak hartzeko asmoaz atsedena berriz. Ostiralean berria den zerbaiten bila ‘Encants’-era bisita berriro ere, larunbatean Londoneko ‘Portobello Market‘-era egunpasa eta bukatzeko, igandean Madrileko ‘Rastro‘-ra edo Berlineko azokaren batetara txangoa.

Baina eta Bilbon, ba al dago gauza berezien zaleentzako halako mundurik?

Bai noski!

Hona hemen gure inguruan antolatzen diren azoketako batzuk:

– Hileko lehenengo larunbatetan ‘2 de mayo kaleko azoka‘ antolatzen du bertako izen bera daraman elkarte kulturaleko jendeak. Egun hortan kaleko autoak kentzean agertzen den espazioan diskak, arropa, altzariak, apaingarriak eta beste hainbat gauza saltzen dituzten postuak jartzen dira. Norberak nahi duena eraman dezake, beti ere aldez aurretik izena eman badu. Horretaz gain, 2 de mayo kaleko denda gehienek ere eskaintza berezia izaten dute eta anbiente ezinhobea egon ohi da. Eta batez ere, ez ahaztu maiatzeko ediziora joatea, kaleari, azokari eta elkarteari izena ematen dioten hilea dela ospatzeko, ohiko denaz gain dj-ak (bertan parte hartzen duen taller del soho-ren bideoa), koktelak, bazkari herrikoia eta beste hainbat ekintza antolatzen bait dira

Jon Aspuruk egindako bideo polit hau irudiak jartzeko:

– Hileko azken igandeetan Zorrozaurre aldean, Zawp-en, ‘Open Your Kolektiboa‘-k, auzokide zein kanpotarrek geldirik daukaten guztia martxan jartzeko gonbidapena egiten du. ‘Open your kolektiboa’ kaxoiean gorderik ideia bat bera ere ez geratzea bilatzen duen ekimena da. Kolektibo honek 2009ko abenduan ospatu zuen lehenengo ‘Ganbara’, eta auzoaren dinamizazioa bilatzen zuen berarekin. Izan ere, nahiz eta aste bitartean eremuan oraindik geratzen diren industria arrastro gutxiaren martxa somatzen zen, asteburuan beraien auzoa ia hilik sentitzen zuten bertakoek. Horri erantzuna emateko ‘Open Your Ganbara‘ jaio zen, eta 2011ko maiatzerarte ospatu izan da. Egun denboraldiko etenaldia egin dutelarik.

– ‘Mercado de gangas‘ izena hartzen duena ere ospatzen da Bilbon, behintzat, urtean birritan. Izan ere, ospatzeko aukeratuak izan diren ostiral eta larunbatean euria eginez gero baliteke antolatzaileek, hau da, Alde Zaharreko merkatarien elkarteak, berriro ere antolatzea erabakitzea. Bi egunotan, denda gehienek denboraldiari bukaera emateko arropa prezio merkeetan eskaintzen dute denda kanpoan jarritako postuetan. Normalean martxoan eta urrian izaten da zita, esan bezala, negua eta uda bukatzean, beherapenez bidez denboraldiari benetako amaiera emateko.

– Eta hirugarren aukera bezala, sarrien ospatzen dena eta gehienentzako ezaguna izango dena: plaza Berriko iganderoko azoka. Izan ere ez da batere plan txarra izaten bertako animaliak, landare eta loreak, txanpon eta billeteak, mineralak zein beste hainbat gauzen artean paseoan ibiltzea, edota zergatik ez, haurtzaroko oroitzapenak gogora ekartzea, haurrek guk umetan egiten genuen bezala kolekzioa osatzeko kromoak zelan aldatzen dituzten ikusiz, txibierro batzuk jan bitartean.

Dudarik gabe, traste zaharrak, bitxikeriak edota aparteko objetuak eta merkealdiak bilatzen dituztenentzako izen ezagunak izango dira guzti horiek, bertakoak zein kanpokoak.

Baina eta zuk, ba al duzu azoketara joateko ohitura? Zein da bisitatu ohi duzuna? Zer topa daiteke bertan? Zer da bertan topatu duzun gauzarik kuttunena?