Tag Archives: bitxikeriak

Bitxikeriak

Astelehenean Parisko ‘Le marché aux puces‘era ibilaldia, asteartean atsedena hartu. Asteazkenean Bartzelonako ‘Els Encants Vells‘-era traste zahar bila, ostegunean astebururako indarrak hartzeko asmoaz atsedena berriz. Ostiralean berria den zerbaiten bila ‘Encants’-era bisita berriro ere, larunbatean Londoneko ‘Portobello Market‘-era egunpasa eta bukatzeko, igandean Madrileko ‘Rastro‘-ra edo Berlineko azokaren batetara txangoa.

Baina eta Bilbon, ba al dago gauza berezien zaleentzako halako mundurik?

Bai noski!

Hona hemen gure inguruan antolatzen diren azoketako batzuk:

– Hileko lehenengo larunbatetan ‘2 de mayo kaleko azoka‘ antolatzen du bertako izen bera daraman elkarte kulturaleko jendeak. Egun hortan kaleko autoak kentzean agertzen den espazioan diskak, arropa, altzariak, apaingarriak eta beste hainbat gauza saltzen dituzten postuak jartzen dira. Norberak nahi duena eraman dezake, beti ere aldez aurretik izena eman badu. Horretaz gain, 2 de mayo kaleko denda gehienek ere eskaintza berezia izaten dute eta anbiente ezinhobea egon ohi da. Eta batez ere, ez ahaztu maiatzeko ediziora joatea, kaleari, azokari eta elkarteari izena ematen dioten hilea dela ospatzeko, ohiko denaz gain dj-ak (bertan parte hartzen duen taller del soho-ren bideoa), koktelak, bazkari herrikoia eta beste hainbat ekintza antolatzen bait dira

Jon Aspuruk egindako bideo polit hau irudiak jartzeko:

– Hileko azken igandeetan Zorrozaurre aldean, Zawp-en, ‘Open Your Kolektiboa‘-k, auzokide zein kanpotarrek geldirik daukaten guztia martxan jartzeko gonbidapena egiten du. ‘Open your kolektiboa’ kaxoiean gorderik ideia bat bera ere ez geratzea bilatzen duen ekimena da. Kolektibo honek 2009ko abenduan ospatu zuen lehenengo ‘Ganbara’, eta auzoaren dinamizazioa bilatzen zuen berarekin. Izan ere, nahiz eta aste bitartean eremuan oraindik geratzen diren industria arrastro gutxiaren martxa somatzen zen, asteburuan beraien auzoa ia hilik sentitzen zuten bertakoek. Horri erantzuna emateko ‘Open Your Ganbara‘ jaio zen, eta 2011ko maiatzerarte ospatu izan da. Egun denboraldiko etenaldia egin dutelarik.

– ‘Mercado de gangas‘ izena hartzen duena ere ospatzen da Bilbon, behintzat, urtean birritan. Izan ere, ospatzeko aukeratuak izan diren ostiral eta larunbatean euria eginez gero baliteke antolatzaileek, hau da, Alde Zaharreko merkatarien elkarteak, berriro ere antolatzea erabakitzea. Bi egunotan, denda gehienek denboraldiari bukaera emateko arropa prezio merkeetan eskaintzen dute denda kanpoan jarritako postuetan. Normalean martxoan eta urrian izaten da zita, esan bezala, negua eta uda bukatzean, beherapenez bidez denboraldiari benetako amaiera emateko.

– Eta hirugarren aukera bezala, sarrien ospatzen dena eta gehienentzako ezaguna izango dena: plaza Berriko iganderoko azoka. Izan ere ez da batere plan txarra izaten bertako animaliak, landare eta loreak, txanpon eta billeteak, mineralak zein beste hainbat gauzen artean paseoan ibiltzea, edota zergatik ez, haurtzaroko oroitzapenak gogora ekartzea, haurrek guk umetan egiten genuen bezala kolekzioa osatzeko kromoak zelan aldatzen dituzten ikusiz, txibierro batzuk jan bitartean.

Dudarik gabe, traste zaharrak, bitxikeriak edota aparteko objetuak eta merkealdiak bilatzen dituztenentzako izen ezagunak izango dira guzti horiek, bertakoak zein kanpokoak.

Baina eta zuk, ba al duzu azoketara joateko ohitura? Zein da bisitatu ohi duzuna? Zer topa daiteke bertan? Zer da bertan topatu duzun gauzarik kuttunena?