Tag Archives: Lomo

Argazkiak

Duela aste batzuk, hilero antolatzen den Open Your Ganbara ekimenean parte hartzeko asmoarekin, etxeko txoko guztiak hankaz gora jartzen ari nintzela, lau bat urtegatik epea galduta zuen, erabilera bakarreko, argazki kamera horietako batekin egin nuen topo. Igandean Zorrotzaurre aldera eramateko pilaturik zeuden gauzengandik banatzea erabaki nuen, bere funtzionamendu egokiari buruz dudak nituen. Nik neuk erabiltzearen aukera benetan tentagarria iruditu zitzaidan ordea. Lagunen aurpegi irrifartsuak festan, Bartzelonara egindako bidaia, urteko azken orduetako kaleetako giroa edota itsaso ingurura goiz eguzkitsu batean egindako saltoa, nire atzamarrarekin kamera-botoia sakatzearekin batera erregistratuta geratu ziren hurrengo egunetan.

 Jakin-minez eta ilusioz errebelatu dendara hurbildu eta dagoeneko iraganeko zati ziren une haietako asko, ez denak, esku batetik bestera harriduraz pasatzen nituen paper zatietan agertzen hasi ziren. Benetan emaitza bitxiak ikusgai nituelarik. Antzinako irudien koloreak berragertzen ziren, egungo modako Lomo argazki kamerek egiten dituzten bitxikerien parekoak asko.

Oraindik ezagutzen ez dutenentzat, Lomoa argazki kamera analogikoa da, bere ezaugarri bereziei esker, besteak beste, fokaturik zein fokuz kanpo, argitsuegiak edota ilunegiak diren argazki polit, xelebre eta bereziak egiteko gai dena. Bere jaioterritzat 1982. urteko San Petersburgo daukan kamera honek, Minox japoniar kamera nimiñoetako baten diseinuan dauka jatorria, Cosina CX-1 delakoan hain zuzen ere. Antza Igor Petrowitsch Kornitzky eta Panfilowitsch Panfiloff, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko ministro eta honen laguna, izan ziren sobietar herriari gozarazteko aukera ematearen helburuarekin ahalik eta kopuru handiena produzitzeko agindua eman zutenak.

Azken urteetan beraiekiko eman den interes eta salmenten gorakada 1991. urtean Chekoslovaquiara bi gazte vienatarrek egindako bidaiarekin hasi zen. Egun, mundu osoko kideekin osaturiko Lomography deituriko elkartea osatzen dute kamera hauen amorratuek, eta berriki praktikan jarritako epez kanpo dauden karreteak erabiltzearena ohiko jardueretako bat besterik ez dute. Etengabe ari dira ahalik eta emaitza arraroenak lortzeko asmoarekin beraien kameretako botoia sakatzen. Imagina ezineko trikimailu bitxiak eta emaitza benetan harrigarriak daude ikusgai erabiltzaileen albumetan.

argazkia: http://shop.lomography.com/cameras/diana-mini-en-rose